Hona hemen otsailaren 21ean Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan egin dudan kolaborazioaren gidoia, irudiak eta loturak.
Entzun saioa (11:15. minututik aurrera)
—-
Ama hizkuntzaren nazioarteko eguna da gaurkoa. Unescok 2000. urtean erabaki zuen hizkuntza aniztasuna, kulturala eta eleaniztasuna ospatzeko. Beharbada ama hizkuntza esamoldea berritu beharra dago, eta etxeko hizkuntza edo jatorrizko hizkuntza bezala definitu, baina izen polita dela ezin ukatu. Beno, etxetik jaso zein eskolan edo euskaltegian ikasi, kontua da euskararekin jolastuko dugula gaur.
Jean Henderson Irlandatik Euskal Herrira etorri zen bizitzera eta euskara ikasten hasi zen 90 urterekin! A zer nolako meritua 🙂
Atsotitzak herri erabilerako esaldi zuzen, zehatz eta xehea dira, ahoz aho transmitituak eta tradizio luzekoak eta gehienetan irakaspen morala eta praktikoak dituena. Zortea dugu, izan ere Gotzon Garatek 27.000 baino gehiago bildu zituen eta kontsultagai ditugu. Nire kuttunenak hauek dira:
- Amen: zu hor eta ni hemen.
- Bakean dagoena, bakean utzi.
- Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon.
- Egon hadi lo eta jango dek mehe!
- Hil eta gero, salda bero.
- Gezurrak hanka motza du.
- Nolako zura, halako ezpala.
- Sua eta ura belaunetik behera.
- Urrutiko intxaurrak hamalau, bertara joan (gerturatu) eta lau.
- Zozoak beleari, ipurbeltz.
Eta zer esan aho korapiloetaz. Zein politak diren! Entzun Ordiziako Goiztiri euskaltegiko ikasle talde honek esaten dituenak:
Eta nola ez, hain maiteak ditudan #HITZOKEIak:
- HMARGARETH TA CHER: Erresuma Batuko trikitilari bikote kontserbadorea.
- EZTANDARRA: euskara batuaren erabilerak edo ezak sortarazten duen iritzi leherketa.
- BATUKAKETA: Perkusio joleek elkartuz lortzen duten katarsi kolektibo jasangaitza.
- TABERNIA: Eibartarrek asmatu duten eremu independente berri.
- ZORMENA: ordaintzeko dagoen kreatibitatea.
- TXERRIF: agintari/nagusi urdea.
- SEXUALKIA: hizkera erotikoa.
- ESTALIN: ezkutatzen den buruzagia.
- MIDASLEA: urrezko salmentak dituen liburu egilea.
- ARTE ZAPLASTIKOAK: beraien edertasun edo transmititzen duten sentimenduengatik muturrekoa ematen diguten piezak.
- KAKALEJUA: marroiak urrutitik detektatzeko aparailua edo gaitasuna.
Erabili dezagun, jolastu dezagun eta bizi gaitezen euskaraz!